Eskolara
Badator, badator... Hona hemen ikasle berriak.
Mendibuelta hura

Orain dela 10 bat urte izango zen. Lagun bat eta biok Euskal Herriko Pirineoan genbiltzan zeharkaldia egiten. Egun hartan gure asmoa Iratitik Orbaizetara mendiz joatea zen.
Goizean goiz altxatu, gure motxila handiak hartu eta bideari ekin genion. 4-5 orduko ibilaldia geneukan aurretik, bide erraza behar zuena. Eguraldia primerakoa.
Zer gertatu zen? Hasi eta berehala okerreko bidea hartu genuen, beste alderantz jo eta egun osoan zeharo galduta ibili ginen, inor aurkitu gabe, gainera. Ez dakit zenbat ordu ibiliko ginen abuztuko eguzkiaren pean azkenean hasierako lekura iristeko. Horri esker, baina, Okabe mendi zoragarria ezagutu genuen. Ez dut inon hainbeste mairu-baratze (cromlech) ikusi, denak elkarren ondoan. Azkenik Burdinkurutzeta mendatera heldu ginen, eta handik behera, Iratira berriz ere.
Hurrengo egunean inolako arazorik gabe joan ginen Orbaizetara, baina oraindik gogoan daukat ezustean Okaben izan ginenekoa.
Eta zuek, kontatuko al duzue gogoratzen duzuen ibilalditxoren bat?
Autoestopean
Gaur egun ez da jenderik ikusten autoestop egiten, ez dakit debekatuta dagoen, baina orain dela urte batzuk oso normala izaten zen, jaietara, unibertsitatera edo hondartzara joateko, adibidez. Ni, gazteagoa nintzenean, dexente ibili nintzen horrela eta oroitzapen politak ditut, baina esperientzia txarren bat ere bai.
Behin, Debatik Eibarrera nindoala, gizon nagusi batek hartu ninduen eta, jakina, poz-pozik sartu nintzen autoan. Berehala konturatu nintzen, ordea, mozkor-mozkor eginda zihoala. Irratian musika mexikarra zeukan topera jarrita eta bera kantuan "bibamexikoka" eta atzamarrarekin beste auto guztiei tiroka. Ez nintzen batere seguru sentitzen eta "akojonatu" egin nintzen. Mendarora heldu ginenean, gelditzeko eskatu nion mesedez, lagun bat bisitatu nahi nuela eta. Bidaia laburra, baina "emozioz" betea izan zen.
Eta zuek, autoestop egin duzue? Nolako esperientzia izan zen? Pasadizoren bat kontatuko duzue?
Zer egingo duzue aste santuan?

Aste santua ez da oso santua niretzat, baina jai egun batzuk edukiko ditut, jende askok bezala. Beraz, aste honetarako planak kontatzea proposatzen dizuet. Lan egin behar duzue ala ez? Kanpora joango zarete ala herrian geratuko zarete? Zerbait berezia egingo duzue?
Nik ez daukat aparteko planik, baina egun hauek aprobetxatzen saiatuko naiz. Lagun batzuk elkartuko gara Eibarren eta betikoa egingo dugu, txangoren bat, afari bat hemen, bazkari bat han, jan, edan eta atseden hartu, hori da dena. Ez dago gaizki, ezta?
Argazki honetan nire koadrila iazko aste santuan. Ni bigarrena naiz.
Eta zuek, zer egingo duzue?
Serantes mendira

Kaixo, lagunok! Mendizalea naiz eta Santurtzira etorri naiz gaur Serantesera igotzeko asmotan. Esan didate oso mendi polita dela , baina ez dakit nondik joan. Lagundu, mesedez!
Inauteriak. Zer egingo duzu?

Orain dela urte batzuk koadrilako lagunak elkartzen ginen eta afaria egiten genuen denok mozorrotuta eta primeran pasatzen genuen. Orain, ezer ez. Hala ere, Eibarrera joango naiz larunbatean eta hango giroa ikusiko dut. Beti izaten dira mozorro originalak eta umore ona.
Eta zuk zer egingo duzu? Mozorrotuko zara?
Agenda

Egin ezazu klik hemen eta "Berria" egunkariko eguneko agenda aurkituko duzu. Azter ezazu ondo-ondo goitik behera eta aukera ezazu zeure gustuko edo intereseko ikuskizuna. Gero, bidali komentarioa, mesedez.
1. Nora zoaz gaur?
Markinako Uhagon Kulturgunera.
2. Zein ikuskizun dago hor?
Txinari buruzko diaporama.
3. Zergatik aukeratu duzu?
Gaia interesgarria delako. Txinara joateko asmoa dudalako.



